| ONDO EGINDAKO LANA EKIMENA|  GONBIDATUA: ABEL BARRIOLA (pilotaria) |

 

“Maitasun hitzak baino botika hoberik ez dago.” 

Abel Barriola pilotari leitzarra izan da azken ‘Ondo Egindako Lana’-ren protagonista. Izan ere, pasa den udaberrian hartu zuen erretiroa. Leitzarra ez da izan txapel gehien irabazi dituen pilotaria, baina bai bihotz gehien lapurtu dituena, ordea.

Protagonistak horrela eman zion hasiera hitzaldiari: “Zoriontsu izandu naiz pilotan jokatzen, izan baita nire pasio eta afizio. Saiatu naiz zuzen, baikorra eta zintzoa izaten eguneroko helburu txikiak betez, autosuperatzen.” Ekitaldian, bere alboan Joseba Urkiola, EITBko kirol kazetari, herrikide eta laguna izan zen, hitzaldia dinamizatzen.

abel joseba

Eibar asko gustatzen zaio Abeli, kasta duen herria baita, langilea, bere aburuz. “Pilota munduan ASTELENA berezia da. Esaterako, Labrit juerga hutsa da, irabazi edo galdu berdin-berdin ospatzen dute. Eibarren, aldiz, beste seriotasun eta zintzotasun bat dago, txaloak eta txistuak ez dira inertziaz izaten.”

“Egun, kirola, espektakulua bilakatu da, baina Eibarren beti eskertu izan dute dena ematea, esfortzuaren kultura. Ez dira gozokiaren kanpokoarekin geratzen, barrukoarekin baizik, eta kirolaria kontziente da. Tradizioa dago. Frontoia ere bada Eibarko gizartearen isla. Luzera pilotariok eskertzen dugu zintzotasun hori. Ez baitira su-artifizialekin geratzen.”

Leitzaz hitz egitean hunkitu egin ohi da Abel. Belaunaldiz belaunaldi herria maitatzen erakutsi diete eta horrek identitate bat sortzen du leitzarrengan, harro daude euren jatorriaz. Era berean, ez dira gutxi pilotari leitzarrak (Bengoetxeatarrak, Jaunarena, Barriola… eta bidean datozenak). Afizio izugarria ei dago herri nafar honetan, umeen idoloak pilotariak baitira. Frontoia beti dago beteta. Abelek herriko frontoian pasa zuen bere haurtzaro eta nerabezaroa. Horregatik, uste du herrietan frontoiak ireki beharko liratekeela, osasungarria eta aberatsa baita kirol hau.

barriola aitxitxaBenjamin Azpilikuetak  Jose Antonio Azpilikuetak, bere semeak, egindako marrazkia oparitu zion Abeli.

 

Maiatzak 7, azken afaria.

“Bukaera euria bezala da, etortzen den bezala eskertzen duzu. Kirola bizitza modukoa da amaitzen denean. Askotan erortzen zara eta porrota oso gogorra da. Zaila da, baina buelta emanez gero, aurrera egitera bultzatzen zaitu. Pilotari berri bat zara, zulotik atera berria, eta hutsetik hasten zara.”

Abelek oso modu humano eta naturalean transmititu zituen barrenekoak, eta han zeudenak hori eskertu zuten.

Leitzarraren arabera “olatuaren gainean zaudenean, ondo zaude, baina ez da nahigabe etortzen den olatua, eguneroko lanean zuzen, zorrotz eta zintzo lan egin ostean baizik sortutakoa, helburu txikiei erreparatuz. Erreza ez da. Horregatik, baloratzen duzu goian egote hori”.

Baina, Abeli benetako oilo pikorra eskuz banakakoak sortzen dio. Motibazioa zerbait pertsonala dela uste du, hala ere kanpo indarrek ere eragiten dutela zioen. “Txapela ez da garrantzitsuena, baina zurrunbilo horretan zaudenean bai. Astoari azenarioa aurrean jartzen diozunean modukoa da, estimulu bat, erronka bat, eta zuk azenarioa jatea nahi duzu, noski.”

Hala ere, argi utzi zuen momentu latzek egin dutela bera kementsu. Esaterako, lesioak momentu zailak izaten direla, eta ostean osasuna asko baloratzen dela.  Horrela zioen pilotari leitzarrak: “momentu baxuetan, jendearen hurbiltasunak indar asko ematen dizu. MAITASUN HITZAK BAINO BOTIKA HOBERIK EZ DAGO.”

 

 

Aupa Abel! Ondo egindako lana da zeurea!

abel firma Armeria Eskolako langileentzat hitz batzuk idatzi zituen. Eskerrik asko Abel!