Jokin_Hodei (2)

Debora García de Vicuña (Belfast, Automatizazioa eta Robotika), Hodei Fernandez (Belfast, Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioa), Javier Álvarez (Milan, Automatizazioa eta Robotika) eta Jokin Basurto (Belfast, Produkzio Mekanikoaren Diseinua), aurtengo ERASMUS+ean parte hartu duten ikasleak bueltan daude.

Ikaragarrizko esperientzia izan dela kontatu digute eta benetan parte hartzeak merezi izan duela. “Bizi izan dugunak ez dauka parekorik. Estreinakoz, gure kontura bizi izan gara eta ondo moldatzen garela ikusi dugu. Etxea beste ikasle eta langileekin partekatzea egokitu zaigu eta batzuetan ez da erreza izan, ohitura ezberdinak baikenituen. Hala ere, bizikidetza aurrera eramateko primeran moldatu izan gara”.

Baina etxean ondo konpontzea ez zen euren erronka bakarra. Lanari dagokionez, Deborak bere espezialitatearekin bat zetozen praktikak burutu ditu. Jokin, ere, jo eta su ibili da lanean eta nagusiak zera esaten zion: “You Basque people are really hard workers!” (zuek euskaldunak langile amorratuak zarete!). Hodei produkzioan aritu da jo eta ke. Javier, besteak bezala, ondo moldatu da lanean eta “eskolan ikasitakoa finkatzeko balio izan zait” dio.

Gainera, ingelesa hobetzeko aukera paregabea izan dela diote: “jarioa, ezagutza teknikoa edota eguneroko  adierazpenean aurrerakuntza nabarmena antzeman dugu”. Javiren kasuan, italieraren oinarrizko ezagutza ere bereganatu du Milanen.

debora

 

Uztailean, Deborarekin egoteko parada izan dugu eta hementxe kontatu diguna:


DEBORA GARCÍA DE VICUÑA

Automatizazio eta Robotika (2017) eta Mekatronikan Goi teknikaria.

Adina: 23

Jatorria:Durango

Erasmus hiria : BELFAST


 

  • Zergatik erabaki zenuen Erasmus-en parte hartzea?

Aukera paregabea iruditu zitzaidan beste kultura bat eta jende berria ezagutzeko, baita estreinakoz etxetik kanpo bizitzeko ere. Era berean, pentsatu nuen oso esperientzia aberasgarria izan zitekeela bai lan arloan eta baita arlo sozial eta pertsonalean ere.

  • Zer sentitu zenuen bertara heltzean?

Lekuz kanpo apurtxo bat, ilusioa eta bertigoa aldi berean, baina oso pozik nengoen.

  • Ostatuari dagokionez, beste langile batzuekin partekatzen zenuen pisua. Erasmusak ziren edota bertakoak? Giro ona al zegoen?

Denak ziren langileak, batez ere Ipar Irlandakoak. Horrez gain,  Portugaleko neska bat eta Errumaniako mutil bat zeuden. Gure harremana batez ere sukaldean egosten zen. Izan ere bertan egiten genituen otorduak eta sukalde lanak. Egia esan, irlandarrak gutxi ikusten nituen, izan ere janari izoztuaz elikatzen ziren eta asko jota mikrohuin-labea eta labea erabiltzen zituzten. Hortaz, hartu-eman gehiago izan nuen portugaldar eta errumaniarrarekin.

  • Nork kudeatzen du pisuen kontua? Zenbatekoa da Erasmus+-ek eskaintzen duen diru-laguntza?

Pisuak InternEuropek kudeatzen ditu, hemengo Ikaslan-en antzeko erakunde bat da. Laguntza ekonomikoei dagokienez, Erasmus beka aukeratzen duzun herrialdearen erosteko-ahalmenaren araberakoa da. Gure kasuan, 1200€-takoa izan zen diru-laguntza. Beka hau InternEuropek kudeatzen zuen eta ostatuaz eta hegazkinez arduratzen zen. Hortaz gain, garraio-beka bat ere jaso nuen La Caixa-n.

  • Inoiz lanik egin ahal zenuen Belfastera joan aurretik? Enpresa kultura hemengoarekin alderatuta, oso desberdina al da?

Bai, aurretik auto-mozio enpresa batean egin nuen lan, Mekatronika ikasi bainuen honen aurretik. Gogoratzen dut presiopean egiten zela lan eta jendea oso estresatuta zegoela. Belfasten, ordea, presiopean lan egin arren, jendea lasaiagoa da eta beste era batera hartzen dituzte gauzak.

Nik goizeko 8.30etatik arratsaldeko 16ak arte egiten nuen lan. Nire beharra, batez ere, programatzea zen, mantenu teknikoaz arduratzea, pantailaz eta sentsorez inguratuta egiten nuen lan.

  • Kulturari dagokionez, zer moduz ipar irlandarrekin? Zein desberdintasun antzeman zenituen gure kulturarekin alderatuta?

Alde batetik, oso irekiak eta atseginak dira, edozeinekin hitz egiteko gai dira.  Bestetik, janaria oso ezberdina da, oso gutxi aritzen dira sukaldean, lehen esan bezala.    Azkenik, atentzioa eman zidan oso erlijiosoak izateak. Sarri joaten dira Elizara, baita jende gaztea ere.

belfast

 

  • Bertan egonda, suposatzen dut irteerak egin eta Irlanda ezagutzeko ere aprobetxatuko zenutela. Zein leku ikusi zenituzten?

Bai,  whatsapp talde bat sortu genuen beste Erasmus euskaldun batzuekin eta asteburuetan planak egiten genituen. Erraldoien Galtzada ezagutu genuen, kostatik tour bat egin genuen eta Londonderry eta Bangor ezagutu genituen, besteak beste.

  • Gaueko giroa zer nolakoa zen?

Egia esan, Belfasten egunero dago parranda. Hala ere, guk lana geneukan astegunetan, beraz, ez nintzen larregi irteten. Hori bai, arratsaldean zerbait hartzera joaten ginen eta kitto.  Baina, esan beharra dago,  ikasten ari ziren Erasmusak dexente irteten zirela parrandan.

  • Belfasteko zure lekurik kuttunenak:

Ulster Museum-a asko gustatu zitzaidan, oso anitza eta aberasgarria baita. Denetarik topa dezakezu bertan: Ipar Irlandako historia eta gatazken informazio eta irudiak, natur-zientziak, artea, kultura zelta, kultura japoniarra edota animali disekatuak, besteak beste.

Ormeau Park-a ere oso leku berezia da: Belfasteko parkerik zaharrena. Parke berdea da eta bertan hainbat kirol prakOrmeau-Ridge-Hilltop-Park-Illustrationtikatu daitezke. Esaterako, rugbya, saskibaloia edota tenisa. Bizikletan ibiltzeko eta korrika egiteko ere leku aproposa da. Parke honetaz gain, parke berde ugari daude hirian zehar, beraz etxean moduan sentitzen nintzen.

 

Bestetik, muralek atentzioa eman zidaten, 2000 inguru dira eta Ipar Irlandako gatazkaren iragana eta oraina kontatzen dute.

club

Azkenik, oso magikoa iruditu zitzaidan Kelly´s Cellars, Belfasteko pub irlandarrik zaharrena da, oso dekorazio bitxia dauka eta zuzeneko musika irlandarraz gozatzeko aukera dago.

 

Hobekuntzarik igarri duzu ingelesari dagokionez?

Bai. Batez ere listening-a hobetu dut. Izan ere, bertako azentua oso itxia da, eta adi-adi egon behar zara ulertu ahal izateko. Ingelesean, orohar, hobekuntza igarri dut eta hiztegi tekniko piloa ikasi dut Robotika Industrialeko esparruan (oso garrantzitsua iruditzen zait etorkizunera begira).

Pentsa zure aurrean lehenengo mailako ikasle bat daukazula. Zergatik joan beharko litzateke atzerrira lanera Erasmus batean?

Sekulako esperientzia baita. Inoiz ez bazara etxetik kanpo bizi izan, aukera paregabea da era autonomo batean bizitzeko, eta zure kabuz bizitzeko ahalmena duzula ikusteko, beste herrialde batean eta zure sektorean lanean. Esperientziak zure buruarenganako konfiantza areagotzen du eta hazi eta gogortu egiten zara.  Horrez gain, jende, leku eta kultura berri bat ezagutzen duzu, eta hori oso aberasgarria da.

Ulertu dezaket, jendeari beldur apurtxo bat ematea. Izan ere, Mekatronika ikasi nuenean ez nintzen atzerrira joan, inoiz ez bainuen lanik egin aldez aurretik. Baina hau, bigarren zikloa zenez eta lan esperientzia izanik, ausartu egin nintzen. Eta ez naiz batere damutzen.

Gainera, atzerrian lan egin izana oso lagungarria izan daiteke hemen lana aurkitzerako orduan. Izan ere, bertako enpresa ugari atzerriko beste enpresa batzuekin baitaude loturik, eta hizkuntzak menderatzea ezinbestekoa da.

Hori dela eta,  1.mailako ikasleei izen-ematera animatzen zaituztet, duda barik, gainera. Esperientzia ahaztezina baita.

 

Eta GLOBAL TRAININING bekei dagokienez, animatuko al zinateke parte hartzera?

Bai, noski. Izena eman dut jada programa honetan eta ESTONIA aukeratu dut herrialde bezala. Izan ere, Erasmusean nora joan nintekeen ikertzen hasi nintzenean, aukera bat Estonia zen, eta herri honi buruzko informazio piloa irakurri ostean, Estoniarekin maitemindu nintzen. Ea oraingoan ere beka lortzeko zorterik daukadan, sekulako ilusioa egingo lidake eta!