Hemen da 2018ko Batzar Orokorra

Elkarteak betidanik izan du, bere bazkideen bitartez, Eskola eta inguruko enpresen arteko lotura: Armeria Eskolan formakuntza bukatzen zuen ikasleak, denborarekin bere negozio propioa hasten zuen edota sektoreko erantzukizun karguetan hasten zen lanean. Guzti honek Elkartea ezinbestekoa bihurtzen du Armeria Eskolak inguruko enpresa sarearekin duen harremanean. Hala ere, titulazioen eguneraketa beharrak, belaunaldien arteko aldaketak, mundu mailako aldaketa azkarrak, ekintzailetasun izpirituaren galerak eta beste zenbait faktore ezberdin kontuan izanik, hezkuntza ingurunea orokorrean eta Armeria Eskolakoa, bereziki, bere beharretara moldatu eta erantzuteko, bizkorra eta berritzailea izan behar duela, uste dugu, merkatuan erreferente izateko.

Erronka hauei aurre egiteko, 2017an Elkartearen helburuak berriz definitu genituen, estrategia eta funtzionamendu dinamika birplanteatuz. Egun, Elkarteak transformazioaren hauspo eta zabalik dagoen berrikuntza organo bezala funtzionatzen du, Armeria Eskolako lidergoa bultzatuz. Horretarako lan taldea sendotu da, autonomia eta lidergo handiagoa emanaz. Enpresaren presentzia ere bultzatu da zuzendaritza organoetan, %60ko ordezkagarritasunarekin, hain zuzen ere.

Ibilbide berri hau prospekzio proiektu batekin hasi dugu. Lan honekin inguruko enpresen beharrak ezagutu eta era berean, etorkizunera begira Elkartearen norabidea definitu dugu, lan ildoak identifikatuz. Ildo horiek antzeman ostean, gure helburua proiektu eta ekimen ezberdinak zehaztu eta gauzatzea da, detektatutako beharrak asebetetzeko.

2018ko Batzar Orokorreko Programa

Gure 2018ko helburua, proiektuen diseinua, finantziazioren bilaketa eta aurreikusitako beharrei erantzun azkar eta zehatza emango dien ekimen ezberdinen exekuzioa izango da.

Gaur egun 45 enpresa bazkide ditugu (industrialak) eta guztira 6.155 langilek osatzen dute eta bestalde 3 entitate kolaboratzaile ditugu. Elkarlan honek Debabarrenako enpresen errealitatea zein den irudikatzen du.

Hurrengo martxoak 23an, Elkartearen Batzar Orokorra ospatuko dugu. Ez da izango bazkideen topagunea soilik, proiektuan parte hartu nahi duten guztiei zabalik egongo baita. Ekitaldia bazkide ez diren enpresa, instituzio, etab.-i ere zuzendua dago. Ekitaldiak helburu bikoitza du: alde batetik, orain arte egin diren proiektuak eta 2018ra begira aurreikusten direnak aurkeztea, eta bestalde, proiektura babesak erakartzea.

Ekitaldian mahainguru bat egongo da, Juan José Goñi izango da gidaria (Aldaketa, Berrikuntza eta Pertsonetan aditua da bera) “Actitudes. Los multiplicadores del saber”, bertan Iñaki Mujika (Tknika-ko Zuzendari Exekutiboa), Alicia Gómez (DMP-ko Zuzendari Nagusia) eta Eduardo Zubiaurre (Jaz Zubiaurre S.A.-ko Zuzendari Nagusia)-k parte hartuko dute. Ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko Zuzendari Nagusia den Garikoitz Agote-k ekitaldiari itxiera emango dio. Ondoren, Networking-erako espazio bat egongo da, ekosistema sortzeko aukera ezinhobea.

Bazkaria IPUR sagardotegian izango da, eta postrean, 1968.ean Eskolan ikasten hasi zirenei 50. urteurreneko intsignia emango zaie. Aldiz, 1993. urteko promoziokoei oroigarri bat banatuko zaie.

Enpresak eta instituzioak bat eginda egotea ezinbestekoa da definituta dauden proiektuak aurrera eramateko eta definitutako lan ildoen bitartez eskualdeko beharrei erantzuteko: Teknologia zaletasunaren sustapena, Balioak eta ekintzailetasunaren izpirituaren bultzada, Bizitza osoan zeharreko ikaskuntza, internazionalizazioa, metodologia parte hartzailea, edota Debabarreneko Enpresa Foroa,  besteak beste. Hori dela eta, Batzarra elkargune garrantzitsua da, bertan proiektuak eta elkartearen helburuak ezagutzera emango direlako. Horrez gain, parte hartzen duten eragile ezberdinen kontrastea eta konpromezua izango dugu.

Animatu eta eman izena hemen!!